Ostirala eta larunbatean eskualdeko igeriketa elkartea osatzen dugun guztiok ospakizunerako tartea hartu dugu eta baita ederki gozatu ere.
Ostiralean bi txapeldun handi eta bi persona erraldoiren hitzak entzuteko aukera izan genuen. Markel Alberdi eta Ander Romaratek asko hausnartu dute beraien bizi eta kirol esperientziari buruz eta guk ere hauen hausnarketak ederki jaso ditugu. Egunero helburu txikiak jarriz eta izugarri saiatuz jarraituko dugu! Mila esker Markel eta Ander!!!
Larunbatean berriz, giro petralarekin ekin genion egunari eta zalantzak izan bagenituen ere Richard argazki dendako argazkilariak etorri zirenerako atertu zuen eta txandaka, animalika eta taldeka kanpoan atera ahal izan genituen argazkiak.
Emozioz beteriko familiarteko erreleboaz gozatzeko aukera izan genuen jarraian. Igerilari oso gazteak, estilo guztiak, aiton amonak, familia bakarreko erreleboak, bi familiatakoak…. guzti guztiak beraien luzeak ezin hobeto egin zituzten eta ikuslegoa zutitzerainoko kirol saioa osatu zuten.
Iazko asistentzia sariak eta kirol emaitza aipagarrienen sariak ere ederrak izan ziren. Gazteenetatik nagusienetara iaz egindako lan izugarria saritzea izan zen helburua eta baita lortu ere. Sarituak, diploma, txapel, trofeo eta bestelako aipamenekin oso pozik geratu ziren.
Goiz guztiko lanen ondoren indar berritzeko familia bazkari bikaina dastatu ahal izan genuen eguerdian. Luzatu egin zen bazkari ondorena eta honekin batera, iluntzean agurtu ginen guztiak. Datorren urtean izango dugu berriro ere elkarrekin festa egiteko aukera.
Lerro hauetatik mila esker bi egun hauetan antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu zareten guztioi!