Gipuzkoako eskolarteko txapelketetan emaitza bikainak

SAN JUAN SARIA 2017
2017-05-26
Alebinak eskolarteko txapelketan bikain
2017-06-13

Gipuzkoako eskolarteko txapelketetan emaitza bikainak

Txapelketa borobilak izan dira eta lortutako emaitzei esker Gipuzkoa eta Euskadiko alebin mailako lehiaketetarako txartel ugari lortu dituzte eskualdeko gaztetxoek
Maiatzak 13-14 ko asteburuan taldeko benjamin eta alebinek zita garrantzitsua izan zuten Tolosako Usabal kiroldegian. Larunbatean benjaminek Igerilari Osoa lehiaketan partu hartu zuten. 31 gazte izan ziren lehiatu zirenak eta guztiek goizean 50 tximeleta eta 100 bizkar frogan parte hartu zuten. Arratsaldean berriz, 100 bular eta 100 libre frogak egin zituzten eta guztietan lortutako puntuen batura eginez sailkapen orokorra eraiki zen. Honetaz gain erreleboetan ere parte hartu zuten igerilariek, goizean estilo librean eta arratsaldean berriz 4 estiloetan.
Guzti guztiek urte osoan zehar egindako lana erakusteko aukera izan zuten eta benetan dotore igeri egin zuten. Estilo bikainean igeri egiteaz gain aurrez egindako markak hobetu eta hori sailkapen orokorrean ederki antzeman zen. Talde giro aparta sortu zen guztien artean eta egun ederra pasatzeko aukera izan genuen.
Taldekako sailkapenean, mutiletan lehen saria eskuratu genuen eta sailkapen mistoan berriz bigarren izan ginen. Bakarkako sailkapenean hainbat domina eskuratu genituen, Markel Garmendiak tximeletan urrea, Joanes Ruizek bular estiloan zilarra eta Unai Zubeldiak bakarkako sariez gain, Gipuzkoako Igerilari Osoaren txapel preziatua ere eskuratu zuen. Erreleboetan berriz, aurrez aipatutako hiru mutilek eta Aitor Pradosek osatutako erreleboak urrea eta zilarra lortu zituzten lehiatutako bi erreleboetan eta Nahia Cristobalena, Helene Altuna, Judith Urdapilleta eta Nahia Mujikak osatutako nesken taldeak berriz brontzezko domina goizeko libreko erreleboan.
Igandean berriz, beste 31 gaztetxo alebin mailako Gipuzkoako eskolarteko txapelketan lehiatu ziren, bakoitzak bi frogetan parte hartu behar zuelarik. Hauek ere ederki aritu ziren, denek aurrez egindako markak hobetu eta berriak ezarri baitzituzten. Garrantzitsua zen igandeko zita, datozen Gipuzkoa eta Euskal Herriko alebinen txapelketetan lehiatzeko gutxienekoak lortu ahal izateko eta dagoeneko igerilari batzuk hauek eskuratu eta helburu berriak ezartzen hasiak dira.
Bakarkakoan guztira 8 urrezko domina, 5 zilar eta 3 brontze eskuratu zituzten eskualdeko igerilariek. Aipagarria izan da Villabonako Maddi Matillaren txapelketa, bi frogetan urrea lortzeaz gain Espainiako txapelketetan parte hartzeko gutxienekoak lortu baititu eta baita nesken erreleboa ere, hauek 4×100 estiloetan urrea lortu Espainiako txapelketetan parte hartzeko guxtienekoa lortu baitzuten. Mutilen erreleboak ere bigarren eta hirugarren postu bana eskuratu zuten eta nesken estilo libreko erreleboak ere brontzea.
Aurrez aipatutako igerilariez gain, mota honetako zita garrantzitsu batean lehen aldiz lehiatutako amuarrain eta izurdeen talde ederra ere aurkeztu genuen eta hauentzat ere esperientzia ikaragarria izan zen igandekoa. Urte osoko lanaren ondorioz erakustaldi bikaina eman zuten eta salto haundi bat eman dutela argi utzi dute.
Lanean gogor jarraitzeko indarrak eman dizkigu asteburuak, datozen zita eta erronkak ere ez baitira makalak izango.

X